JIMMY BIDAURRETA

JIMMY BIDAURRETA

JIMMY BIDAURRETA 
Jimmy Bidaurreta Donostiarrak urteak darama gustukoak dituen funk, jazz, latin eta elektronika doinuak Euskal Herrian zehar zabaltzen. Horretarako, eskura dituen tresna desberdinak erabiltzen ditu eta musikari bezala talde eta egitasmo askotan parte hartu izan du. Oraingoan, etxean osatutako diskoa aurkeztera dator, software programa eta sanpler askoren laguntzarekin osatutako puzzlea da, atzo eta gaurko munduko musikekin egindako bidaia. 

Jimmy Bidaurreta. Arg: Hotsak.com)

E!: Diskoa egiteko modu bitxia aukeratu duzu, ez da oso ohikoa Euskal Herrian musikari bakar batek disko osoa egitea. Nola izan da prozesua? 

J: Gaur egun edonoren eskura dauden tresnak erabili ditut. Programa informatiko batzuen laguntzaz diskoan entzun daitezkeen doinu guztiak sortu eta konposatu ditut. Diskoan ez dute hezur haragizko musikariek parte hartu. Nik pianoa eta teklatuak jo ditut eta gainontzeko instrumentuak software baten bidez osatu ditut. Prozesu honetan benetako musikariekin aritu izana garrantzitsua da; hau da, zuk baxu jole batek nola jotzen duen badakizu errazagoa izango da programa informatiko horien bidez baxu errealaren antza handiena duten doinuak ateratzea. Lan gogorra da baina emaitza onak lortu daitezke. 

E!: Zu zeuk guztia bakarrik egitea alde onak eta txarrak edukiko ditu, ezta? Lan gehiago suposatzen du baina askatasun osoa ematen dizu. Zergatik erabaki duzu lana bakarri grabatzea? 

J: Bai, lan handia suposatzen du. Disko honek produkzio lan izugarria du, oso konplexua. Etxean egin dut hiru urteko prozesua izan da eta horrelako produkzioa duen disko bat musikariekin egitea ezinezkoa zen niretzat. Musikari askoren parte hartzea beharko luke, estudio grabazio ordu asko eta gainera, ekonomikoki oso garestia irtengo zen. Erronka zen niretzat eta nire eskura zeuden tresna onenak erabiltzen saiatu naiz. Urte askotan aritu naiz musikariekin elkarlanean eta disko honek, nire burua hobe ezagutzeko aukera eman dit. Esperientzia berria zen niretzat. 


E!: Nondik dator diskoa sortzeko ideia 


J: Ekoizketa etxe batek ekialdeko musikekin lan bat egiteko enkargua egin zidan eta muestra batzuk prestatu nituen. Azkenean ez zuten erabili baina nik ordu erdiko lana egina nuen dagoeneko eta bide horretan jarraitzeko gogoa nuen. Hortik sortu zen diskoa sortzeko ideia eta bertan osagai zaharrak eta berriak elkartu nahi nituen. Hortik izenburua eta diskoaren azala. 

E!: Nola sortzen dituzu kantuak? 


J: Soinu libreriak arakatzea gustatzen zait. Ahots libreria asko entzuten ditut eta hauetako batzuk hartu eta elkarrekin jarrita zentzua eduki dezakete. Letrak ere kontutan edukitzen saiatzen naiz esanahia izan dezan. Horrek muga asko jartzen dizkizu baina zentzua ematen dio. Etxea sabaitik hasten dut beraz, ahotsa osatuta dudanean erritmo eta melodi egokiak bilatzen dizkiot. Ahots horiek manipulatzeko aukera dugu eta horrek joko asko ematen du. 

E!: Legalki arazoren bat izan duzu? 


J: Ez, soinu guztiak erosi nituen. Oraingoz ez dit inork konturik eskatu. 

E!: Horrelako doinuak dituzten diskoak ez dira batere ohikoak gure artean. Ez dira entzule asko dituzten diskoak. Diskoa Euskal Herriko jendeari zuzenduta dago ala agian gehiago kanpora begira egin duzu. 

J: Diskoa Euskal Herritik kanpora ere entzutea gustatuko litzaidake. Musikalki zer eskaini duela pentsatzen dut eta entzulea aberastu dezake Euskal Herrian edo kanpoan. 


E!: Aurrera begira ekimenak? 


J: Hotsak Dantzanen bigarren diskoa prestatzen ari naiz eta bertan euskal musika klasikoaren konposatzaileen errebisioa egingo dut; Jesus Guridi, Luis Mariano, Pablo Sarasate eta antzeko egileen musika hartu eta moldatuko dut. Hotsak Dantzanen hirugarren diskoa ere nola izatea nahiko nukeen pentsatu dut eta honetan folk doinuak izango dira ardatz. 


E!: Diskoa zuzenean aurkezteko asmoa duzu? 


J: Bai, zuzenean aurkezteko asmoa nuen baina kaleratu zenean Gasteizko Big Bandarekin oso lanpetuta nengoen eta ezinezkoa izan zen baina aurrera begira egiteko asmoa dut. Zuzenean nik teklatu eta portatila eramango nuke, disko jartzaile batekin eta perkusio jole batekin batera. Zuzenean egingo genituzke nahasketak. 

ARITZ SOUND SYSTEM